Mairuaren alardea, Antzuolako jaietako larunbat arratsaldean ospatzen da, uztaileko hirugarren astebukaeran.
Alardea:
Euskal Herriak izan duen askatasunik esanguratsuenetako bat antolamendu militarrarena izan da. Euskal ejertzituaren oinarrian udal miliziak zueden eta foru aginduari jarraituz, 18tik 60 urtera bitarteko gizonezko guztiek armen zerbitzua bete behar zuten udal eraketaren aginduz. Beraz, milizia hauen barruan konpainiak osatzen ziren herriko jendearekin, buruzagi herriko alkatea zelarik. Ondorioz, armak aztertzeko, guda-gizonak zeintzuk ziren jakiteko eta trebatzeko, urtero, alardea egin behar zen herriko plazan. Baina, euskal Herriak foru askatasuna galdu zuenean, 1876an hain zuzen, gure antolamendu militarra Espainiakoarekin parekatu zen, alardea egiteko arrazoia desagertuz. Hala ere, borroka historiko bat ospatzearen ezaugarri beretsua duten hainbat herritan, ospakizun horrekin batera alardea egiten jarraitu zuten, hala nola, Hondarribian, Irunen, Tolosan, Elorrion... eta Antzuolan.

Baldejunkera:
Gure herrian ere, armen alardearekin batera, Nafarroako Salinas de Oro eta Muez herrien arteko kokatuko litzatekeen Baldejunkera haraneko borrokaldia- Abd al-Rahman III.aren aurkakoa- gogorarazten da. Kronisten arabera, borrokaldi historiko hau 920ko uztailean 26an jazo zen, eta herri-ohiturak dionez Antzuolako konpainia batek parte hartu zuen. Alardearen ezaugarrietatik, hauek dira azpimarragarrienak: musika, bandera, kapitainaren diskurtsoa eta abesten diren bertsoa.
Egin dezaguna banan banan ezaugarri horietako bakoitzaren azalpena.

Bandera:
Alardean agertzen den bandera Antzuolako bandera ere bada.
Dituen irudiak herriko armarriaren zati batzuena dira. Aldi berean armarriaren irudiak 1745eko Arma Zertifikazioarenak dira. Dena dela, irudi horien aipamena lehenagokoa da, Antzuolak “Carta Pebla” lortu zuenekoa hain zuzen, 1629an Bergarako jurisdikziotik kanpo geratu eta herri izaera lortu zuenean. Gaur egungo bandera 1863an egindako beste bandera batetik ateratako kopia da.

Diskurtsoa:
Herrian zehar armen ikustaldia egin ondoren, alardearen bigarren zatian, besteak beste, kapitainaren diskurtsoa dago. Baldejunkerako borrokaldia eta han antzuolar konpainia batek parte hartu zuela azpimarratzen da diskurtsoan zehar.
Jatorrizko testuak aldaketa batzuk izan ditu gaur egungo egoerara hobeto egokitzeko asmoarekin baina zatirik haundiena 1745eko arma-Zertifikaziotik ateratakoa da, nahiz eta, aurrean esan dugun bezala, lehenengo aipamena 1629koa izan.

Bertsoak:
Kapitainak diskurtsoan tartetxo bat egiten du eta tarte horretan, hain zuzen, bertsoak kantatzen dira. Bertso horiek Jose Maria Iparragirre urretxuar famatuak idatzitakoak dira. Dakigunez, 1878 inguruan idatzi zituen. Oso kontutan hartzekoa da urte hori; izan ere, ordurako Karlistada bukatuta zegoen eta Nafarroak harremanak galtzen ditu beste probintzia euskaldunekin, eta azken hauek Foruak galduko dituzten 1876an. Horregatik, azken bertsoa da esanguratsuenetakoa, hortxe aldarrikatzen baita Nafarroarekin lotura ez galtzea: “Laurak-bat”; izan ere, Baldejunkerako borrokaldiaren ospakizunean goraipatu nahi dena euskaldunon arteko batasuna da.
Foruak galtzearen (1876 urtea) ondorioetako bat 1877. urtean jazo zen. Urte horretan soldaduskarako adinean zeuden mutilei deitzea Penintsulan egiten zen bezala egiten ziren euskal probintzietan ere; beraz, hemengo antolamendu militarra- eta horrekin batera alardearen zergatia-derogatu egin zen. Gertaera horiek eraginda, Iparragirrek ondorengo bertsoak idatzi zizkien antzuolarrei, euskal ohiturei jarraipena emateko helburuarekin, hain zuzen.
2010eko mairuaren alarde bukaeran beste bertso bat kantatu zen lehen aldiz. Honako hau:
Uzarraga, Galartzaeta Irimoi biak
Lizarraga, Basalde:
Antzuolako auzoak
BIS:
herrigune xarmanta
baserri, mendiak
dira gure bihotzeko
paraje ederrak
Ongi etorriak izan
beti gure herrira
kantuz ospa dezagun
guda bukaera
Irten gaitezen denok
Herriko plazara
Eskeintzen dizuegu
Gure besarkada
Irten gaitezen denok
Herriko plazara
Kanta dezagun harro
Antzuolarrak gara……..



Mairuaren alardea





