Alardeari buruzko informazio zabala: www.antzuolakoalardea.com
Mairuaren alardea, Antzuolako jaietako larunbat arratsaldean ospatzen da, uztaileko hirugarren zapatuan.
Antzuolar komunitatearen urteroko ohiko autoafirmazio errito nagusia da Alardea, Antzuolaren historian eta nortasunaren ezaugarrietan oinarrituta dagoena.
Mairuaren Alardeak balio historiko eta folkloriko handia du, Euskal Herriko Kultura Ondarea ikaragarri aberasten duena.
Mairua, desfilea, kanoiak, eskopeteroak, dantzariak, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, bolbora usaina… dena nahasten da uztailero Mairuaren alardearen jaialdian.
Bertan bi gertakari goraipatzen dira. Lehenik, Foruen galera aurretik euskal herrietan arma eta milizien egoera jakiteko urtero ospatzen ziren alardeak. Baina alardeak egitea galdu eta 1876an euskal foruak desagertu ondoren, Euskal Herri osoan garai bateko ospakizunak berreskuratzeari ekin zitzaion, eta 1881. urtean Mairuaren pertsonaiarekin alardea egiteari ekin zitzaon Antzuolan. Bigarrenik, 920. urtean, ustez, Baldejunkeran antzuolarrok mairuen kontra izandako borroka aitzakia hartuz, herri izatearen harrotasuna ere adierazi nahi da.
Bi zati ditu ospakizunak: batetik, kaleetan zehar egiten den desfilea; eta, bestetik, Herriko plazako ekitaldia.
Desfilea
Desfilearen lehen zatian txistulariak -“Marcha de fusileros” joaz, danbor-joleak, buruzagia, fusileroak, kanoiak eta alardeko bandera joaten dira. Atzerago, alarde honen beste protagonista nagusia, mairu martxa bat lagun duela: Mairua eta bere komitiba.

Desfilea egin bitartean, Oinarin taldeko dantzariek Trokeo dantzak egiten dituzte: Makila txikiak, Uztai edo Arku-dantza, Makila haundiak eta Zinta-dantza.
Plazako ekitaldia
Hasieran, alardeko buruzagiak Segurako Alborada biribilketaren bitartez troparen azterketa egiten du.Une hunkigarrietako bat Iparragirrek Antzuolari eskainitako bertsoak kantatzean dator: abesbatzak abesten ditu eta herriko dantzariek dantzatu.
Neskek dantzatzen duten koreografia Iparragirreren bertsoen doinuaren eta J. I. Ansorenaren Antzuola zortzikoarekin egindako musika nahasketa da.
Ondorengoa da jai honen unerik garrantzitsuena: mairua zaldi gainean eta kateaz lotuta agertzen da bere sekitoarekin, eta gastadoreen babesarekin.Buruzagiak zalditik jaisteko eta bere sekitoaren armak uzteko agindu, eta udaletxeko arkupetara sartzeko eskatzen dio.
Jarraian buruzagiak hitza hartzen du; diskurtsoan antzuolarrek Baldejunkerako borrokan izandako jarrera goraipatzearekin batera, hainbat azalpen ematen ditu:
Lehenik, herriko armarriaren azpiko bi kuartelak, Antzuolarenak bereak direnak, deskribatzen ditu: “ezkerraldean, kaliz baten gainean hostia bat daramana, izkina bakoitzean bi pinu berdeak; eta eskumaldean, Mariaren izena koroatuta, eta alderdi bakoitzean arbola txikiak euren edontzian, eta behealdean hiru ilargi erdiak”.
Bigarrenik, alardeko eta herriko banderaren jatorriaren nondik-norakoa aipatzen du.
Diskurtsoaren zati garrantzitsuenak herriko artxiboan gordeta dagoen 1745eko arma-ziurtagiriarenak dira.

Balkoian nahiz Plazan azaltzen den bandera gure herriko bandera ere bada 1997tik. Dituen irudiak herriko armarriaren behe aldekoak dira.
Diskurtsoa bukatuta, buruzagiak Mairua bere aurrera ekartzeko agindua ematen du; aurrez aurre daudela, buruzagiak bi aldiz galdetzen dio ea gure aberria onartzen duen. Bigarrenean, bere jatorrizko hizkuntzan, aitortzen du, ez duela gure aberriaren aurka egingo.
Soldaduen buruzagiaren erantzuna ere adiskidekorra da: “gure aberrixa berriz ez zapaltzeko hitza emon doskutzu… guk pe gure herrixan izaeria eta nortasuna defendiko dogu,.... eta zin itten dotzut, zuena eztogula zapalduko”
Alardeko unerik entzutetsuena iragartzeko, buruzagiak eskopetak eta kanoiak tirokatzeko agintzen du:
“Soldaduok! Baldejunkeran hildako danen heriotzak gogoratu bihar dittugu, eta aldi berian gure herrixen arteko adiskidetasunaren seiñale, gure armak sutu daiskun.”
“Gora Antzuola! Gora Euskal Herria!” oihuekin bukatzen du buruzagiak.

Ekitaldia alardeko partaideek, elkartasunean, Antzuolako Doinuak kantatuz bukatzen da.
Antzuolako auzoak
Basalde, Lizarraga
Irimoi biak eta
Galartza, Uzarraga
Herrigune xarmanta
mendi, baserriak
ditugu inguru maite
ta ikusgarriak
Ongi etorriak izan
beti gure herrira
kantuz ospa dezagun
guda bukaera
Irten gaitezen denok
Herriko plazara
eskeintzen dizuegu
geure besarkada
Irten gaitezen denok
Herriko plazara
kanta dezagun harro:
Antzuolarrak gara!
Alfredo Gonzalez Chirlaquek konposatuak dira Antzuolako doinuak eta Antzuolako mairuaren martxa.
Ikusi kaleratuta dugun azken argitalpena.