|
|
 |
|
1. Herrigunean
|
 |
Herriko
Plaza hartuko dugu abiapuntutzat. Bertatik hasiz, Kalebarrengo
bidea hartuko dugu. Ondoren, berriro Plazara itzuliz,
Buztinzuritik Antiguara joango gara, tartean Ondarretik
paseatuz. |
| |
 |
•
Herriko Plaza:Bera
guztia da ikusgai. Gipuzkoak duen plazarik politenetarikoa,
bertan euskal barrokoak eredu ederrak laga dizkigu.
Udaletxeak -Martin de Carrera-k XVIII. mendean egindakoa-
garai bereko armarri ederra erakusten du, eta ohiturak
dioskunez, bertan ikusten diren ilargi erdiak Baldejunkerako
borrokan mairuei lapurtutakoak dira; eta, gaur egun,
herriko jaietan Mairuaren Alardea izeneko ospakizunean
goraipatzen da ekintza hura. Udaletxearen ondoan,
eskumaldean, Bizkalatza etxea (6 zenbakia), hau ere
barrokoa, nahiz eta apaingarri gutxi izan.
|
Ilara
berean, Udaletxearen ezkerraldean, armarria daukan
Goenaga etxea (16 zenbakia) ikus daiteke. Honek, oso
arraro den ertzdun armarria dauka, bertan, “Armas
de Goenaga” jartzen du. Azpian, egun aurrezki
kutxa denean, bi zutabe toskano ikus daitezke. Etxe
horren ezkerraldean (2 zenbakia), eraberrituta, antzinako
goenagatarren etxea, orain Ostatukoa dena, hau ere
XVIII. mendekoa. Etxe honen fatxadan, zera irakur
daiteke: Joseph Ygnacio de Goenagak egina 1763. urtean.
Plaza gainean, garai bereko iturri ederra dago; badirudi
Martin de Carrerak egidakoa dela XVIII. mendean. Iturri
ostean, Olaran etxea eta pelotalekua daude.
Beste aipamen bat Errukizko Amaren parrokiak mereziko
luke. XVI. mendean jasotzen hasitakoa, ez du egungo
itxurarik izango XIX. mendera arte. Oso sinplea
da, apaingarririk gabe, sarreran azaltzen den barroko
erako ate aurrea izan ezik. Barruan, erretaula,
neoklasikotzat (XVIII.m) jo daitekeena eta Mexikon
bizi zen Francisco de Iraeta e Ibarrak emandako
diruari esker egina. Bertan ikusten den marmola
Izarraitzekoa (Azpeitia-Azkoitia) omen da. Ezkerraldeko
aldarean, berriz, antzina San Bartolomen egon zen
Andra Maria dago, XIV. mendekoa.
|
•
Kalebarren: Zurrategi
Plaza inguruan eta Lizarragara doan bidearen bestealdean,
Arriaga-Torrea (4 zenbakia), XVII-XVIII. mendeko jauretxea,
nahiz eta aldatuta eta egoera fisiko kaxkarrean egon.
|
 |
• Errotabarri
edo Altzarte errota:
Herrian martxan dugun errota bakarra, nahiz eta
aspalditik argindarrez ibili. Ikusgarria benetan.
Bideaz bestealdetik, errota honen presan ito zenaren
oroigarria dago.
• San Bartolome ermitaren kanpandorrea:
Bertan kokatuta zegoen mende honen 70eko hamarkada
arte ermita. Egun bertako Andra Maria -XIV. mendekoa-
parrokian dago.
|
• Maristak:
Maristak (seminarioa eta komentoa) eragin handia izan
dute herrian XX. mendearen hasieran etorri eta 70eko
hamarkadan joan ziren arte. Eguzki auzoan, Maristen
eskola eta gelak zeuden. Auzo honen atzealdetik San
Josera -bertan bere irudia baitago- joan daiteke. Oso
bide ederra da eta Antzuola bere osotasunean ikus daiteke
bertatik.
• Lapatza
baserria: Negutegiz
ia-ia estalia eta nekazaritza biologikotik bizi den
baserria. Hiru arko dauzka -Antzuolan bakarra- eta XVIII.
mendekoa da.
Hemendik berriro Plazara goaz. Udaletxetik gora...
• Buztinzuri:
Nahiz eta eraberrituta egon, etxe ilara honen kokapena
eta egitura -lurraren desnibelak zainduz- XVIII. mendekoa
da.
• Kalegoi:
3. zenbakian (Txasionekoa), garai batean herriko harategia
izan zena aurkitzen da. Udaletxea bezala, XVIII. mendekoa
eta Martin de Carrerak egindakoa da. Egun oraindik garai
hartako zurezko balkoiak ikus daitezke, nahiz eta egoera
fisiko kaxkarrean egon. Inguruko etxeetan, eta hormetan
itsatsita, kalbarioko gurutzeak beha daitezke. Etxe
honetatik beheruntz joanez...
• Ondarra
plaza: Bertan ikus
daiteke 3 zenbakiaz, Amarrandegiko etxea. Izenak adieratzen
duen bezala, bertan herritarrek elizari emandako hamarrenak
edo diezmoak gordetzen ziren. Herri arkitektura bitxia
duen honek ez dauka parekorik ez herrian eta ezta
inguruan ere, Nafarroa aldeko etxeen egitura baitauka.
XVIII. mendean egina hau ere.
Berriro Kalegoira goaz.
• Kalegoi:
9. zenbakian, Montxonenekoa dago, bertan zorua estaltzeko
duen errekarria ikusgarria da. 11-13 zenbakietan (Migelenekoa
eta Txasiozarrenekoa). Bere egiturari begiratuz gero,
kanpoaldean eta barnealdean gotiko tankerakoa dela
konturatuko gara; beraz, XV-XVI. mendekoa, eta herriguneari
dagokionez, etxerik zaharrena.
|
 |
•
Antigua: Bide bazterretan
kalbario gurutzeak ikusten dira. Auzo honetan ikusgarriak
dira, besteak beste, Iriarteazpikoa baserria, Antiguako
ermita, Antiguako errota eta atseden lekua eta Kalbarioko
gurutzeak. Iriarteazpikoa baserria, bere ohol egiturarekin
eta erdian harlanduzko zutabe toskanoa duena, XVII.
mendean eraikia da. Antiguako ermita Andra Mariren
irudi gotiko ederra ikus daiteke (XIV. m). Antiguako
errotan, garai bateko errotaren tresneriak gordeta
jarraitzen du. Etxe honen ondoan atseden lekua. Kalbarioko
gurutzeak, barrokoak hauek ere, Pasioaren ikurrez
horniturik daude eta ohiturak |
dioskunez, herriko ume asko ermitako zaindariarekin
eta amarekin, oinez ikastera joaten ziren bertara:
hiru buelta ematen ziren eta buelta bakoitzean, otoitz
eginez, oilarrari laztana ematen zitzaion. |
  |
|
2. Uzarraga
eta Galartza auzoetan zehar
|
 |
Denbora:
Hiru ordu.
Kilometroak:
9.
Zailtasuna:
Erdi mailakoa.
Interesgunea:
Uzarraga eta Galartza ezagutzeko bidea ematen digu ibilbide
honek. Bergara aldean, baina Antzuolako udalerrian kokatuta
dauden baserriak ikusteko aukera izango dugu. |
|
•
Antzuola: Beheko
auzotik -Etxezuri baserritik- hasten den Uzarragako
bidea hartuko dugu, Sallabente, Arimendi eta Iturriotz
baserriak pasatuz.
• Lausagarreta
eta Elutzeko karobiak:
Lehenengoa, Uzarragako bide zaharrari jarraituz, Lausagarreta
baserriaren azpian aurkituko dugu; bestea, hau ere
Uzarragako bide zaharrari jarraituz, Lausagarreta
baserriaren gainean dago, *Elutza baserria egon zen
tokiaren inguruan hain zuzen. Ez daukagu herrian ondo
kontserbatzen den karobi asko, beraz bi hauek izan
daitezke salbuespen, beren ataka (azpiko arkua) eta
goiko ganga edo bobeda eta guzti.
•
Uzarraga: Tenplario
garaikoa omen den eliza zahar (Antzuolako lehen parrokia)
honen kanpoaldea egoera tamalgarrian badago ere, eliza
barrua dugu bertan interesgarriena. Besteak beste:
* Erretaula, Antxietaren eskolakoa, bere ikasle Jeronimo
de Larreak eginikoa XVII. mendean.
* Marfilezko edo Urrutiko gurutzea ere XVII. mendekoa
da, Mejikon bizi zen Urrutia baserriko seme batek
bidalia.
Uzarraga gainean, Sarralde eta Galartza auzoko bidean,
gurutzebide bat aurkitzen dugu; bertatik, ezker aldera
hartuz gero, *Santa Kruz daukagu.
|
| •
Santa Kruz: Bertan,
XVIII. mendera arte, Santa Kruz izeneko baseliza egon
zen, eta hor lurperatzen omen zituzten Leintz bailarako
gizon ospetsuak, tenplarioen babesean.
• Sarralde:
Hutsik. Barruan gordetzen da igeltsoz eginda armarriaren
kopia. Horrez gain, sapaian gordetzen da garai bateko
dolare habe ederra.
Urrutia baserrira iritsi aurretik, Bereterio (Beteixo)
baserria, suteen ondorioz etxe egitura zeharo aldatuta
daukana.
• Urrutia:
Bizkaiko Zaindari Berriotxoako Balentinen amaren -Maria
Monika de Arizti- jaiotetxea dugu berau, baserriko
oroigarriak azpimarratzen duen bezalaxe.
Hemendik Bergara aldean kokatutako baserrietara eramango
gaituen bidea hasten da. Eta kilometro batera...
• Gorrizandia:
Ateondo edo ezkaratza polita dauka, zutabe eder eta
guzti. Gainaldean, berriz, *Gorriztxikia, Elorriaga
eta *Ameztizar baserriak ikus daitezke. Behealdean,
erreka zokoan, Galartzako errota, 1920an eraikia baina
egun egoera fisiko kaxkarrean. Bertan, garai bateko
tresneria mantentzen da, eta ateondoan perratzeko
tokia -ingude eta guzti- dauka.
• Ugarriagazpikoa eta gañekoa: Bertan
ikus daitezke, ia-ia baserriekin bat eginez, Bergara
aldera Antzuolak dituen mugarriak. Inguruan abelazkuntza-kooperatiba
dago eta, gainaldean, bidetik beste aldera, Antzuolako
Portu etxea.
• Etxeberrisoro:
Hutsik. Ugarriaga baserrien azpian, ate gainean, ulergaitza
den inskripzioa dauka. Egun abelazkuntza-kooperatibak
darabil baserri hau.
Galartzako errekaruntz, eta batetik bestera zeharkatzeko
gure erreketan hain gutxi gelditzen diren zubitxo
bat pasatuz, beheruntz hartuko dugu, egun ia hutsik
dagoen Galartza baserriarekin topo egin arte. Bertan,
antzinako trenbide (1971ko otsailean desagertua) inguruan
hasten den aspaldiko bidezidorra hartuz...
|
|
•
Besagasti: Hutsik.
Oholezko aurrealde interesgarria (XVI-XVII.mendekoa).
Gipuzkoa barruan, Ezkio-Itsason dagoenarekin batera,
ikusgarrienetakoa. Interes arkitektoniko-artistiko
handia dauka konjunto osoak: ezkaratzako zutabeak,
matxinbrerak, dolarearen zutabeak,... nahiz eta egoera
fisiko kaxkarrean egon.
• Mendiola:
Hutsik. Arbelez eginiko aurrealde arkodun ederra
ikus daiteke eta gainean antzinako egurrezko leihoak
dauzka. |
•
Santa Ageda ermita: Bertako
Andra Mariaren irudia (Santa Anarena eta XIII. mendekoa
zena) 1984an lapurtu zuten eta oraintsu agertu da.
Antzina ermita hau San Llorenteri -San Lorenzo- eskainita
bazegoen ere, egun Santa Ageda da bertako zaindari;
jaia, otsailaren 5ean, San Blas ostean, ospatzen da.
Bertan ogia eta haziak bedeinkatzen dira.
• Untzarri:
Hutsik. Baserriaren aurreko ohol-egitura polita eta
bitxia dauka.
Eta bertatik hasten den porlanezko bideari jarraituz,
Iturriotz baserriaren ingururaino; hortik, kilometro
eta erdira, Antzuola.
|
  |
|
3. Lizarraga
auzoan zehar
|
 |
Denbora:
Hiru ordu.
Kilometroak: 8.
Zailtasuna: Erdi
mailakoa.
Interesgunea: Natura
ingurune ederra du auzo honek. Etnografia mailan ere
interesgarria da: karobiak, errotak, albergak, baseliza,
elizbidea... |
 |
•
Antzuola: Kalebarrengo
zubitik Lizarraga auzora doan bidea hartuko dugu.
• Udala:
Karobia dugu bertan
ikusgai.
• Ugartetorre:
XVII. mendeko etxe honek ikusgarria dauka teilatuaren
barruko egitura. Zer esanik ez bertako armarri handi
eta polita.
• Larrebarrengo
errota: Aspaldidanik
geldik dagoen errota honetatik Aranburu baserria ikus
daiteke, harlanduzko bi arkurekin.
• Laskurain errota: Gezurra badirudi ere, Euskal
Herri mailan desnibel ezberdinetan bi errotape dauzkan
errota bakarrenetakoa izan daiteke berau. Sorgin zulo
ere deitzen zaio inguru honi.
• Bizkalatzatik
Zumaetetara: Zumaetazpikoak
antzinako etxearen inskripzioa eduki arren Zumaetagañekoa
da zaharrena. Garai batean Zumaeta bakarra zen, baina
trenbidea egiterakoan mugitu egin zenez, bota eta
bi Zumaeta berri eraiki zituzten XIX. mendearen bukaeran.
• Laskurainandi:
Hementxe hil omen zuten Gipuzkoako azken hartza 1867an. |
.jpg)
|
•
Akinibai eta Akinibaiko errota:
Herriko ura hartzen den tokiarekin batera, eraberritutako
errota ere ikus daiteke.
• Akiñao
ezkerraldean lagata, San Martzial ermita:
XIX. mendera arte bertako zaindari Santa Katalina
izan arren, harrez gero San Martzial dugu. Nahiz eta
interesgarria izan batez ere kanpoko arkitekturarengatik
(XVI. mendeko ateburu eta leihoak), ikusgarria da
barruko egur lanketa ere (basurde buruak ikus daitezke
landuta). Barruan Santiagori eskainitako irudiak ere
badaude. Erromesari, “Pikunittako -herriko baserria-
eskolaua” esaten diote Antzuolan. Horrez gain,
bertako jaietan ateratzen den kofradeen pitxerra ere
interesgarria da, nahiz eta berau maiordomoaren etxean
gorde.
• Iturbeandia:
XVIII. mendeko baserri armarridun eder honetan, ateondoan,
dirudienez erromesek ekarritako gurutzea zintzilikaturik
ikusten da. Gainaldean, berriz, Iturbetxikia.
• Aranguren:
Etxe azpian, XVI. mendekotzat jo daitezkeen etxearen
horma eta ate zorrotza ikus daitezke.
|
| •
Lamarianoak (Lamaño):
Azpiko baserriak
barruan duen teilatu egitura oso bitxia da. Gainekoan,
berriz, Uzarragara eramango gaituen antzinako elizbidea
ikus daiteke.
• Lizariturri:
Ingurua ikusi eta gero baserri honen izena nondik
nora datorren konturatuko gara. Garai bateko armarriaren
kopia egun Donostian dago.
Ehun metrora, Zumaetara iritsi aurretik, eskumako
bidea hartu eta...
• Goenaga: Baserri
askotan desagertu diren saeterak ditu upategian.
Hemendik Goitia baserrira joango gara, eta beheruntz
hartuz Jauregira. Hemen, eskumaldean hasten den bidetik...
• Iraeta:
XVIII. mendearen bukaeran hasi ziren baserri eraikuntzetan
arkitekto tituludunak parte hartzen, eta baserri hau
diseinatu zuen Alejo de Miranda bergararra izan zen
aitzindari.
• Azkarate:
Atzealdean dago baserri honetako aztarnarik zaharrena:
XVI. mendeko ate zorrotz bat. Aurrealdean jarri berria
da armarria, bertan bizi baitira oraindik azkaratetarrak.
Etxe aurretik pasatzen da Uzarragako elizbidea, eta
jarraituz gero bertara eramango gaitu.
• Lausagarreta:
Bere inguruan bi karobi eder ikus daitezke: bata,
lehen Elutsa baserria zenaren inguruan; bestea, Lausagarreta
baserriaren azpian.
Hemendik, eta Iturriotz baserria inguruan dugula,
Antzuolara garamatzan bidea jarraituko dugu.
|
  |
|
4.
Irimoegigoena auzoan zehar
|
|
Denbora:
Lau ordu.
Kilometroak: 15
Zailtasuna: Goi
mailakoa
Interesgunea: Auzo
honen paisaia ederra izateaz gain, ibilbide honek Urola
aldean Antzuolak dauzkan baserriak eta inguruneak ikusteko
aukera ematen digu.
|
 |
•
Antzuola: Antigua
auzotik hasita...
• Ibarra:
Eraberritutako baserri hau indiano ospetsuen jaiotetxea
izan da. Besteak beste, Francisco Iraeta e Ibarra,
Mexikon merkatari ospetsua izan zena (bere diruaz
herriko parrokiaren aldarea egin zen XVIII. mendearen
bukaeran).
• Iralatorre:
Zeharo aldatuta baldin badago ere, garai bateko etxearen
aztarnak ikus daitezke kanpo eta barnealdean. Nahiz
eta garai batean armarri ederra izan, egun Algortako
jauretxe batean kokaturik dago.
• Irala:
Egun zeharo hondatuta
egon arren, badirudi iralatarren antzinako etxea bertan
kokatu zela, beraz ondorengoa da Iralatorre.
• Arreluztxiki:
Duela gutxi eraberrituta, ateondo gainean baserri
honen beste berreraiketa baten data ikus daiteke:
1855ekoa alegia. Baserriko ogia egiten den azken baserrietakoa
da. Eskumaldean Arreluzandi eta Arreluzetxebarri lagata...
|
•
Igeribar: Batez ere
arbelez eginiko baserri hau egoera fisiko kaxkarrean
dago.
• Sarasketa: Azkarate
baserrian bezala, interesgarria da atzealdeko XVI.
mendekoa izan daitekeen arku zorrotza. Goruntz jarraituz,
Sarasketaetxeberri baserriarekin topo egiten dugu.
|
 |
• Meaka/Trekutz:
Trekutzen, eta Gaztelu Gain izeneko elkartearen aurrean,
hondatutako tumulo baten aztarnak ikus daitezke.
Hemendik, Urola aldera begira, eta beheruntz doan pista
bati jarraituz...
• Bazterriñak:
Hiru baserri daude: goikoa, erdikoa -lurjota- eta
behekoa, 70eko hamarkadan hustutakoak. Hemen aukeran:
erdiko baserritik beheruntz doan bidezidor bat hartu,
edo pistari jarraitu.
|
• Ursalto:
Urretxu, Aizpurutxo eta Azkoitiko bidearen bazterrean,
gure udalerriko baserririk urrutiena, eta baita ezezagunena
ere.
• Ondamendi:
Garai batean Urola izenarekin ezagutzen zen baserria
egun Antzuolako herri-bizitzara baino Aizpurutxora begira
dago.
Eta orain arte behera egin baldin badugu, Ondamenditik
pistaz gora jarraituko dugu...
• Pikunieta:
Zeharo eraberritua, garai batean bertako erromeria eta
taberna oso ospetsuak ziren. 1960ko hamarkadan hustu
eta erre zen. Egun gazte talde batek ustiatzen du.
Bertatik, porlanezko pista edo bideri jarraituz...
• Korosterratzuko atseden lekua:
Hemendik eta eskumaldeko bideari jarraituz, Uzarragako
bidea -lehen Elizbidea zena- hartuko dugu.
• Santikutz
(Santa Kruz): Ahozko
ohiturak dioenez, bertan, garai batean oso kanposantu
ospetsua egon omen zen eta bertara Leintz bailarako
zenbait gizon ospetsu hilobiratzera ekarri omen zituzten.
Dena dela, baseliza bat egon zen XVIII. mendera arte,
nahiz eta ordurako ere lurjota egon.
Uzarragatik Antzuolara doan bidea jarraituz, bi kilometrora
herrigunean sartuko gara.
|
  |
|
5. Basalde
auzoan zehar
|
 |
Denbora:
2 ordu
Kilometroak: 7
Zailtasuna: Erdi
mailakoa
Interesgunea: Natura,
arkitektura artistikoa eta etnografia gune ikusgarria
(Aritzagabasaldeko hariztia, Amilletako indarretxea,
San Blas ermita, Kalbarioko gurutzea...). |
 |
• Antzuola:
Ondarreko iturritik, Mañarieta-Mendigorritik,
Irimoegigoenera garamatzan bidexka hartu.
• Aitzaga:
Baserri hau eraberrituta baldin badago ere, bere
ateburuko ohol egitura, harlanduzko koloma eta guzti,
Iriarteazpikoaren antzera, XVII. mendean koka daiteke.
• Kaseta eta
trenbidea: Etxe honen inguruan, 1971ko otsailean
desagertu zen “Los Vasgongados” trenaren
trenbidea hartu eta, Otamendi, Irimo eta Eguzkitza
baserriak eskumaldean lagaz...
• Galardi: Garai
bateko etxearen inskripzioa etxe osteko fatxadan
ikus daiteke.
• Amilleta: Egungo arkodun ateburua
XVIII. mendekoa bada, barruan XV-XVI. mendeko arkua
dauka.
Zerbait aurrerago -trenbideko tunela pasa eta gero-,
oraindik martxan dagoen Basalde-Amilletako indarretxea
dago.
|
| •
Iñurrigarrogañekoa: Nahiz eta
etxe hau mende honetan eraberritua izan, badu Ipar-mendebaldeko
fatxadan bere antzinakotasuna adierazten digun elementu
bat: XVI. mendeko arku zorrotz bat (orain estalia).
• Madariaga:
Trenbidean aurrera jarraituz, berehala topo egingo
dugu baserri honekin. Interesgarriak dira bere aurrealdeko
fatxadako arkoetan dauden harginen zenbakiak; baita
mendebaldera -trenbidera- begira dagoen leihoa ere:
ohiturak dioskunez, eguraldi goibelarekin hildako
baten espiritua azaltzen zen bertan.
Iñurrigarrogañekora itzuliz eta azpiko
Iñurrigarroa lagaz...
• Basalde errota:
Bide baztarrean, egoera fisiko kaxkarrean dago. Ezkerraldean,
Erautza baserria dago.
• San Blas ermita:
Olotz izeneko lur eremuan dago eraikita, eztarriko
gaitzak sendatzen dituen zaindari honen ermita. Hala
ere, garai bateko zaindaria Santa Engratzia izan omen
zen; Santa Engratzia de Olotz, dokumentuetan azaltzen
den bezala. Otsailaren 3an ospatzen da bertako jaia;
eta bertara herriko okindegietan egindako opil bereziak
eramaten dira bedeinkatzera. Mendebaldean dauzka XVI.
mendekotzat jo daitezkeen leihatilak. Bitxia da baita
iparraldeko fatxadan zapatak-eta gordetzeko dagoen
leihatilatxoa ere. Barruan, “U” tankerako
koroa, garai batean oso ohizkoa baina egun leku gutxitan
dagoena.
|
 |
•
Aritzagabasaldeko baserria eta hariztia: Izen
bereko baserri inguruan, Antzuolan dugun hariztirik
handiena, ederrena, sendoena eta ia-ia bakarra.
Arreta handiz Zumarragara doan bidea zeharkatuz, autobus
geltokia dagoen bidetik goruntz jarraituko dugu; ezkerraldean...
• Zorroztarrieta:
Garai batean herrian ospe handia zeukaten baserri
honetako erlauntzek eta hartzen zen eztiak. |
•
Altzeta: Antzuola herria bere osotasunean ikusi
ahal izateko aukera ederra dugu inguru honetan.
• Loieta:
Dauzkan arkuak direla eta, oso baserri atipikoa da Loieta
bai gure herrian, bai Gipuzkoan. Tankera honetako arkuak
Bizkaian ikusten dira, batik bat.
• Iriartegañekoa:
Ateondo ikusgarria: arkuduna, eta armarriarekin batera
erdi puntuko leiho bitxia (XVI. mendea). Ongi bereizten
dira medianila eta antzinako etxearen aztarna. XVIII.
mendekoa da.
• Iriarteazpikoa:
Etxearen aurrealde guztia bitxia da, Arabako baserrien
tankerakoa: ohol egitura bertikala, tartean adreilua
jarrita; itzelezko ateburua, harlanduzko koloma eta
guzti, Aitzaga baserrikoaren antzera. Dokumentuen arabera,
XVII. mendean egindakoa.
• Kalbarioko gurutzeak:
XVIII. mendekoak, barrokoak beraz, Pasioaren ikurrez
osaturik dagoen erdiko gurutzea dugu interesgarriena.
Ohiturak dioskunez, Antiguako baselizako serora edo
beatarekin, gurutze honi hiru buelta eman, eta bakoitzean
oilarrari laztana emanez, joaten omen ziren etxekoandre
asko euren umeekin bertan oinez ikas zezaten.
• Antiguako ermita:
Bere izenaren jabe da, agian Errukizko Amaren parrokia
egin aurretik Olaldeko parrokia izan zelako. Bertan,
XVI. mendeko Andramari gotiko bikaina dago; eta XV.
mendeko Magdalenaren irudia, berriz, Donostian dago.
• Antiguako errota:
Eraberrituta badago ere, bertan errotaren tresneria
gordetzen da. |
  |
|
6.
Irimoegibarrena auzoan zehar
|
| |
Denbora:
3 ordu
Kilometroak: 12
Zailtasuna: Erdi
mailakoa
Interesgunea: Udalerriko
inguru goibelena, bakarrena behar bada, hala ere pinudiak
direla eta, gizakiaren eragina nabarmen jasan duena
izan daiteke, ingurua degradatuz: pistak, matarrasak,...
Honez gain, inguru goibela denez, oso baserri gutxi
daude bertan |
 |
• Antzuola:
Antigua auzotik Iriarte eta Irainera (Igirain) doan
bidea jarraituz....
• Urkillu:
Bertatik hasten omen zen Oñatiko galtzada zaharra,
ezkerraldetik zihoana -zati batzuk egin daitezke-.
Goian, Arrandariko bidea lagata...
• Irular
(Ibular) azpikoa eta gainekoa: Dagoeneko
lurjota dauden baserri hauek, gure herrian lehenengo
hustutakoak dira.
• Azaldegieta:
Atseden lekua, Landarraitz mendigainera edota garai
batean Antzuolako baserririk altuena eta urrutiena
zen Astobiagara joateko abiapuntua.
• Trukarriaga
(Turkoarriaga): Iturria.
Izen erroa aztertuko bagenu trikuharritik datorrela
pentsa liteke.
Hemendik, eta ezkerraldeko pista jarraituz, lurjota
dagoen Miso baserrira iritsiko ginateke. Beheruntz
Burubikora edota Bergaratik Zumarragara doan bidera.
Hor goruntz jarraituz...
• Aldabeko
iturria: Arizti baserriaren
inguruan, bide baztarrean, ur ederra duen iturri hau
dago.
|
|
•
Ariztiberri eta Ariztizar:
Lehena, herrian dugun baserririk berriena da, mende
honen 30eko hamarkadan egina; eta aurrerago, bere antzinakotasuna
gordez, Ariztizar.
• Bidaurre:
Eskumaldean, Benitua
lagata, bere izenaren jabe den Bidaurrera iristen gara.
Badirudi etxe aurre honetatik Bergarako galtzada zaharra
pasatzen zela. Bertatik datorkio izena ere: Bide+aurre.
Nahiz eta eraberritua egon, bere antzinakotasunaren
lekuko da iparraldean daukan armarria.
Bertatik, eta Zabala baserritik abiatzen den bidexkatik,
Uzarragatik datorren bideraino; hemendik Antzuolara. |
  |
|
7.
Irimoegigoena eta Irimoegibarrena auzoetatik
|
| |
Denbora: 4
ordu
Kilometroak: 17
Zailtasuna: Goi
mailakoa
Interesgunea: Ibilbide
honetan naturak garrantzi handia baldin badu, eta batez
ere basoak (pagadiak, alertzeak, herrian dauden hagin
bakarrak...), ezin da baztertu bertan dauden aztarna
arkeologikoak: tumuloak alegia. Etnografian, berriz,
desagertzear dauden azkenengo galtzada zaharrak; Oñati-Legazpi-Urretxu-Antzuola
mugarriak...
|
 |
•
Antzuola: Jarrai
dezagun bosgarren ibilbidea Arrandariko bidegurutzera
arte (Zabaldoko iturria). Hemen, eskumaldera hartu
beharrean, Azaldegietara alegia, Arrandarira hartu.
• Arrandariak:
Bi baserri dira: lehena, Ozaeta; bigarrena, Torrekua.
Eraberrituak egon arren, inguruan ikus daitezke alberga,
labea...
Korosoko galtzada hartu eta...
• Agiñaerreka:
Naturgune interesgarria,
Antzuolan dauzkagun hagin zuhaitz bakarrak bertan
daude eta.
• Arrandari-Korosoko bidea:
Garai bateko galtzada zaharrari jarraituz, eta Egiandiko
pagadia zeharkatuz...
• Koroso:
Bertan dagoen iturrian ura edan nahi izanez gero,
beheruntz doan bidea hartu behar da; 200 metrora dago.
• Argilekuko
txabola: Arrolako
bidean dago, eta urte berriarekin batera, Arrola mendi
elkarteak bertan ospatzen du urteroko txistorra jana.
Inguru ederra Aitzgorri ingurua ikusi ahal izateko. |
•
Arranoaitz: Gutxira arte burdinezko gurutzea
baldin bazegoen, orain buzoia eta oroigarri bat besterik
ez dago. Paraje zoragarria mendiak (Aitzgorri, Udalaitz,
Andarto, Anboto, Gorbea,...) eta inguruak ikusi ahal
izateko.
• Arrolamendi
I: Arrola mendira iritsi
aurretik, monumentu megalitikoa: Tumuloa.
• Arrola:
907 metro dauzka, eta 60-80 metrora iturria dago. Paraje
ederra. Beheruntz, Urretxu eta Legazpiko inguruak ikusten
dira.
• Ardanbideta:
Tumuloak. Hirugarren tumuloaren azpian, eta Lakiriolara
iritsi aurretik, 1910ean jazotako heriotz baten oroigarria
ikus daiteke.
• Lakiriola:
Iturria, eta ezkerraldetik hasten den pista bati jarraituz
gero, 500 metrora, beste oroigarri bitxi bat dago. Inguruan
Legazpiko elkarte bat dago.
• Deskarga: Mendate
honetan dago 1 zenbakia duen mugarria; bertan dago baita
Urretxu, Legazpi eta Antzuola udalerrien mugarri bateratua
ere.
Antzuolatik Zumarragara doan bidea zeharkatuz, bertatik
gora hasten den pista bati jarraituz... |
 |
• Trekutz:
Atseden lekua, bertan Gaztelu Gain izeneko elkartea
dago; inguruan, hondatutako tumuloa. Paisaia bikaina
du inguru honek.
Hemendik, porlanez egindako bidea, eta Basalde auzoa
behean lagata, Irimoegigoena auzoa zeharkatuko dugu
(ikusi 3. ibilbidea) Antzuolaraino. Bost kilometroko
jaitsiera zoragarria.
|
  |
|
|